XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez luke hemen zentzu handiegirik izango kontzeptuokin hasteak, euskarak identitatearen gune den aldetik duen konfigurazioa barnetegian agerian geratuko ez balitz eta agertze horretan irakaslegoaren eskuhartze garrantzitsua ez balego.

Eta agertze hori logikoa da, euskararen talde-ikaskuntza trinkoa sortarazten duen sozializazio prozesu mikrosoziologiko bat dela kontutan hartuz gero:

barnetegi batean parte hartzen dutenek hizkuntzaz duten irudiari dagokionez, batzuetan, elkarrengandik oso urrun dauden somaketen arteko kontaktuak eta, batez ere, somaketa hori aldarazteko helburua daukan espazio arautu batean sartzeak nabarmenki eragiten dute ikasleak hizkuntza eta honekiko bere tokia ulertzen dituen moduan.

Ideia hauek ulertzeak barnetegiak diren erakundeak ezagutzea erraztuko digu; berorietan honakoa gertatzen baita:

1) Hezkuntz prozesua garatzen da, identitate kolektibo baten sozializazio prozesu ere badena.

2) Hizkuntzaren irudikapen desberdinak aurrez aurre jartzen dituen prozesua garatzen da;

hau da: identitatearen irudikapen horiek, oro har, euskara datu bereizgarri eratzen duten arren, leku desberdinetan kokatzen dute euskara bereizgarritasun hori eratzean.

3) Ikaskuntza prozesu arautuaren aurretiko sozializazio prozesuen ondorio diren irudi horiek berregin daitezkeen prozesu bat garatzen da horixe da behintzat barnetegien hezkuntz helburuetariko bat, hala planteatuta ez dagoen arren, eta honen joera, hizkuntzari buruzko identitate kolektiboaren osaketan garrantzizkoak diren sailkapen sozialak batzuei dagokienez, aurretiazko desberdintasun horiek elkarbanaturiko ikuspegi edo elkarbanaturiko agerikotasun bihurtu eta desagertaraziz joateko moduko homogenotasuna sortzea da.

Azken finean, gizarte irudikapenen aldaketa fenomeno batean lan egiten ari gara, subjektuek eguneroko beren errealitateari eta haien ustez berau egituratzen duten elementuei buruz daukaten mintza-ildoetan.

Alde honetatik, bereziki bizia da barnetegietan gertatzen den elkarreragintza; izan ere, elkarreragintza honetan hizkuntzaren zentzu guztia eratzeko oinarrizko kategoriek parte hartzen baitute (...)